Aia

Aiako Udalak desfibriladoreak jarri ditu herriko zazpi puntutan

Julene Sorarrain 2025ko mai. 11a, 09:00

Desfibriladore berria Aiako anbulategi kanpoan. (Jon Ander Azpiroz)

Herritarren segurtasuna bermatzeko asmoarekin, udalak zazpi desfibriladore instalatu ditu herrian zehar. Helburua herritarrei bihotz-geldialdi kasuetan erantzun azkarra emateko aukera eskaintzea da.

Aiako Udalak, "herritarren segurtasuna bermatzeko" asmoarekin, zazpi desfibriladore ezarri ditu herrian zehar. Helburua herritarrei bihotz-geldialdi kasuetan erantzun azkarra emateko aukera eskaintzea da.

Hori horrela, herriko zazpi puntutan instalatu dituzte desfibriladoreak: anbulategian, farmazian, Etxeta bailara eta Iruretaegiako buzoietan, Andatza auzoko eskola etxean, Santio Erreka auzoko frontoi atzean, Elkano auzoko elkartearen ondoan eta Urdaneta auzoko eskola etxean.

Desfibriladoreak une oro erabilgarri egongo direla ere jakinarazi du udalak, "larrialdi egoeretan esku hartzeko", eta dei egiten die herritarrei gailu horiek "zaindu eta egoera onean mantentzeko". Hori ez ezik, desfibriladoreen erabilerarako formakuntza saioak ere eskainiko dituzte hurrengo asteetan: "Herritarrak tresna horiek behar bezala erabiltzeko gaitasuna eskuratuz, komunitate osoaren segurtasuna hobetzen lagunduko du".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide