Aia

Izeta VI.a nagusitu da Amundarainen aurkako aizkora apustuan

Julene Sorarrain 2025ko api. 26a, 20:12

Izeta VI.a garaipena ospatzen Tolosako zezen plazan. (Ibon Errazu)

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Txomin Amundarain aurrez aurre aritu dira gaur arratsaldean Tolosako zezen plazan. Guztira 5.000 euro izan dituzte jokoan, eta lehia estuaren ostean, aizkolari aiarrak lortu du garaipena etxera eramatea. 

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak eskuratu ditu gaur Txomin Amundarainekin jokatutako 5.000 euroak. Izan ere, aizkolari aiarrak 50 minutu eta 11 segundoan moztu ditu 60 ontzako sei enbor eta hamabi kanaerdiko ebaki. Nafarrak, aldiz, 54:49 minutuko denbora behar izan du. Gaur arratsaldean jokatu dute apustua Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. 

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Izeta VI.ak esan du "sinestezina" dela 50 minututan lan hori amaitzeko gai izana, eta azpimarratu du "atzetik lan handia egon dela".

Amundarain, berriz, pozik agertu da bere emaitzarekin: "Galdu egin dut, baina nire lana egin dut. Hau bizi beharreko zerbait da".

Aizkolarien lehen apustua izan da gaur arratsaldekoa, eta norgehiagokarako Izetak zortzi kanardiko eman ditu; Amundarainek, aldiz, gainerako kanaerdikoak eta 60 hazbeteko sei enborrak jarri ditu. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide