Aia

Jendez erregadiatutako landare azoka

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 26a, 16:00

Gaur hasi eta bihar arratsaldera arte, 21. Landare Berezien Azoka egiten ari dira Iturraranen. Eguraldi euritsua egin arren, landarezale dezente bertaratu da goizean goizetik.

Iturrarango lorategi botanikoan antolatu ohi duten Landare Berezien Azokak jende ugari erakartzen du, eta aurten ere bide beretik ekin dio. Eguraldi petrala zegoen iragarrita, baina hori ez da aitzakia zein traba izan landarezaleentzat, eguneko zenbait ordutan euria gogotik egin badu ere.

Autobusak beteta igo dira lorategira azokako lehen egunean goizean goizetik, eta bistakoa izan da bertaratutakoek nola bete dituzten orgak zein poltsak mundu zabaleko landareekin zein loreekin.

Aurtengoa, 21. ekitaldia du azokak eta Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 57 landare erakusle ari dira parte hartzen, askotariko eskaintzekin: arazeak, basafruituak, bizikorrak, bonsaiak, gramineoak, haragijaleak, iratzeak, kaktusak, magnoliak, Hegoafrikako erraboilak, uretako landareak eta landare tropikalak, esaterako. Hamaika aukera, zalantzarik gabe.

Erakusleak lorategiko ibilbidean zehar daude kokatuta, eta horiez gain, mokadutxo bat hartzeko eta zintzurra bustitzeko aabagunea ere badago, Aiako Gazte Asanblada, Goierriko Talogileak, Goiabe Sukaldaritza Ekologikoa, Satxota eta Gaztaguneren eskutik.

Azoka gaur eta bihar egongo da zabalik, 10:00etatik 18:00etara, eta bost euro balio du sarrerak,12 urtera arte doan. Autobus zerbitzu bereziak daude herritarrak azoka gunera iristeko: Aiako herrigunetik eta Txurrukatik; Zarauzko San Pelaioko tren geraleku ondoko autobus geltokitik. Iturraranen ezin da aparkatu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide