Aia

Landare Berezien 21. Azoka egingo dute Aian apirilaren 26an eta 27an

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 8a, 09:23

Herritar batzuk Aiako Landare Berezien Azokan.

Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 57 mintegik parte hartuko dute Iturrarango parketxean ospatzen den azokan, eta antolatzaileek herritarrei dei egin diete boluntario lanak egitera anima daitezen. Aurten ere hitzaldiak eskainiko dituzte azokaren barruan.

Landare Berezien 21. Azoka hartuko du Iturrarango lorategi botanikoak apirilaren 26an eta 27an, eta ohi bezala, herritarrek mundu zabaleko landareak eta loreak miresteko eta erosteko aukera izango dute bertan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 57 mintegik parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta bakoitzari buruzko informazioa eskuragarri jarri dute online, esteka honetan.

Azokako ateak zabalik egongo dira 10:00etatik 18:00etara, eta bost euro balioko du sarrerak –12 urtera arte doan–. Azokaren atarian egongo dira salgai. Prezioaren barruan sartzen da joan-etorriko autobusaren txartela, eta erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta erosleak kotxea utzi duen aparkalekuko kontsignarainoko garraioa.

Urtero hainbat boluntarioren laguntza behar izaten dute azokaren antolatzaileek, eta aurten ere, herritarren parte hartzea eskatu dute, aparkalekuetan nahiz kontsigna puntuetan laguntzeko. Izena emateko nahiz informazio gehiago jasotzeko 943-83 53 89 zenbakira deitu behar da, edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi.

Autobusak eta trenak

Aian, Pagoeta Parke Naturalean dago Iturraran, eta beti bezala, autobus bereziak jarriko dituzte herritarrak azoka gunera iristeko. Aiako herrigunetik eta Txurrukatik aterako dira autobusak "etengabe", eta autoak bi gune horietan jarriko dituzten aparkalekuetan utzi ahalko dira. Lehendabiziko autobusa 9:15etan aterako da, eta azkenekoa ,16:45etan. Azoka gunetik aparkalekuetara joango den azken autobusa, berriz, 18:15etan aterako da.

Bidaia trenez egiten dutenentzat, antolatzaileek azaldu dute Zarauzko Euskotren tren geltokitik (San Pelaioko geralekua) autobus zerbitzua egongo dela zuzenean azoka gunera. Autobus geltokia suhiltzaileen biribilgunean kokatuko da –San Pelaioko geralekuaren ondoan dago–. Lehendabizikoa 09:23etan aterako da Zarauztik azoka gunera, eta 14:23ak bitartean orduerdiero izango da; handik aurrera, orduro egongo da, azkena 16:23etan.

Alderantzizko noranzkoan, berriz, azoka gunetik Zarautzerako itzulerako lehendabiziko autobusa 10:45etan izango da. 13:45ak bitartean orduerdiero izango da, eta gero orduero; azkena, 17:45etan.

Hitzaldi eta tailer bana ere bai

Azokak irauten duen egunetan askotariko hitzaldi eta tailerrak eskaini ohi dituzte antolatzaileek, eta aurten ere prest dute solasaldi eta tailer hilaren 26rako eta 27rako. Horietan parte hartzeko aurrez erreserbatu behar da tokia 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.

  • Apirilak 26, larunbata: Fotografiando la naturaleza, como optimizar nuestras fotografías de flores y jardines. Emilia Valenciaren eskutik. Gaztelaniaz. 12:00etan, Iturraran Lorategi Botanikoan. Zazpi euro ordaindu beharko da sarrera, eta  gehienez 15 laguneko taldearentzat izango da.

  • Apirilak 27, igandea: Lore moztuarekin xestoak tailerra, Meriflauers eta Nia Florarten eskutik, familientzat. Hizkuntza, parte hartzaileen arabera. 16:00etan, Aiako Kultur Etxean. Familiako 15 euro. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide