Harri Txikien eta Kintopekoen Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Aiako Probalekuan apirilaren 6an, igandearekin. 17:00etan hasiko dira harri jasotzaileak lehian, horien artean oriotar bat: Udane Ostolaza. Goizeder Abendibar mallabiarra, Olaia Esnaola azpeitiarra eta Maddi Gesalaga zarauztarra izango ditu aurkari.
Bi harrirekin, hiru minutuko txandak egingo dituzte emakumezkoek Kintopeko txapelketan; 50 kiloko zilindroarekin eta 50 kiloko kuboarekin arituko dira.
Gizonezkoek, berriz, Harri Txikien Txapelketa jokatuko dute, eta hiru minutuko txandak egingo dituzte hiru harrirekin: 125 kiloko koparekin; 112,5 kiloko kuboarekin, eta 100 kiloko bolarekin. Lau lagun ibiliko dira nor baino nor: Paulo Azpiazu, Mikel Lopetegi Urra eta Imanol Royo Lartain zarauztarrak, eta Beñat Telleria lasartearrak.