Ertzaintzak jakitera eman duenez, gizon bat atxilotu dute Aian droga trafikoa leporatuta, bere jabetzako pabiloi batean "substantzia sorgarriak" atzeman ondoren.
Ostegunean gertatu zen hori, Ertzaintzak ustez industria pabilioi horretan egiten zuten droga salerosketaren berri izan ondoren. Bertara iristean, bi ibilgailu eta beste bi gizon aurkitu zituzten, eta horiek identifikatu ostean, horietako batekin -leku horretako jabearekin- barrualdea miatu zuten. Prozesu horretan, 30 gramo ketamina baino gehiago, lau gramo kokaina zituen maletatxo bat eta 20 gramo haxix zituen kaxa bat aurkitu zituzten. Aipatutakoaz gain, eskudirua eta bost doitasun balantza ere aurkitu zituzten.
Bigarren miaketa bat ere egin zuten, eta bertan berogailu elektriko batean ezkutatuta sei gramo pilula aurkitu zituzten.
Gertatutakoaren aurrean, lokalaren jabea "osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta", atxilotu egin zuten. Atxilotua polizia egoitzara eraman zuten beharrezko eginbideak hasteko, eta, horiek amaitutakoan, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.