Aiako Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) etxebiziza hutsei aplikatu beharreko errekargua onartu du. Errekargua %50ekoa izango da, baina salbuetsita geldituko dira hainbat baldintza betetzen dituztenak: jarduerei lotutako etxebizitzak baldin badira (EJZn alta emanda egon beharko dute); alokatutako etxebizitzak baldin badira (aurreko urtean gutxienez bederatzi hilabetez); adineko egoitzetan erroldatuta dauden pertsonen titulartasuna duten etxebizitzak baldin badira; herentzia baten parte diren etxebizitzak, titularra hil eta bi urteko epean; lurzoru urbanizaezinean dauden etxebizitzak baldin badira, urbanizazio baten parte direnak izan ezik (Arginmuno); eta etxebizitza hutsak, baldin eta 300 kWh gutxieneko energia-kontsumoa frogatzen badute.
Interesdunek martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte beren eskariak udaletxean bertan, dagozkien froga agiriekin. Informazio gehiago nahi duenak udaletxean eska dezake, baita aia.eus udal webgunean ere.