Inauteriak 2025

Dantzan hasi dituzte inauteriak Aian

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 28a, 17:10

Dema plaza goraino bete da gaur arratsaldean, Lardizabal Herri Eskolako ikasleen emankizun koloretsuak ikusteko. Koreografia politak eskaini dituzte, eta guraso elkarteko kideak ez dira gutxiago izan; parte hartu dute haiek ere jaialdiaren amaieran.

Gogotsu hasi dituzte inauteriak aiarrek. 15:00etan puntuan, goraino betetako Dema plazan jaialdi koloretsua eskaini dute Lardizabal Herri Eskolako ikasleek, mailaz maila koreografia politak eskainiz. Musikaren bilakaera izan da aurtengo gaia, eta askotariko doinu eta jantziez gozatu dute herritarrek.

Emanaldiaren amaieran, guraso elkarteko kideek parte hartu dute, haiek ere koreografia alaia eskainiz ikasleei.

Umorea nagusi, arratsalde-iluntzean jarraituko du festak. Eskolako jaialdia amaitzeko txokolate beroa eskaini dute frontoian, eta 19:00etan, kuadrillen topaketa egingo dute plazan. Ondoren, ikuskizun bat eskainiko dute, eta horren ondotik, festa borobiltzeko, pintxo pote girotua izango da herrian, DJ Track-a-ren eskutik. Horrekin amaituko dituzte inauteriak Aian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide