Martxoaren 2an, igandearekin, jokatuko dute Aiako XIV. Mendi Lasterketa 10:30ean hasita, eta izena emateko epea zabalik dago kirolprobak.com atarian 16 urtetik gorako gizon-emakumeentzat. Otsailaren 28an amaituko da horretarako epea.
Hamabost kilometroko distantziako proba da, eta Pagoeta parke naturalean barrena egingo dute korrika partaideek. Ibilbidean hainbat gailur igaroko dituzte: Arreta (553 metro), Olarteta gaina (720 metro), Murugul gaina (700 metro), Artetxota (264 metro) eta Sagastizabal (443 metro).
Aiako Kirol Elkarteak antolatzen du proba, eta azaldu du partaide guztientzat hamaiketako beroa egongo dela, baita hainbat opari ere, sariez gain. Aurreneko gizon eta emakumeak 200 euro jasoko dituzte, bigarren egiten dutenek 150 euro, eta hirugarrenek, berriz, 100 euro. Denbora hobetzea lortzen dutenentzat ere 100 euroko saria egongo da. Gaur-gaurkoz, gizonetan 1:03:39 denboran dago marka onena, eta emakumezkoetan, berriz, 1:12:54 denboran.