Joseba Ostolaza harri eskolako kideentzat urte berezia izan da 2024a. Atzera begiratu txiki bat bota nahi izan dugu, urtea nola joan zaigun ikusteko. Aurreko urteari jarraiki, aurten ere Harri Herri saioa antolatu zuten apirilean. Saio hori ezohikoa izan ohi da harri jasotzaileontzat, normalean banakako saioak edo, asko jota, binakakoak izaten baititugu. Harri Herrin, ordea, taldeka aritzen gara lehian eta, gainera, eskola ezberdinetako jendea nahasten da talde horietan.
Maiatzean gure eskolarentzat oso garrantzitsua izan zen emanaldi bat izan genuen. Hilaren 25ean marka saiakera ekitaldi bat antolatu genuen Aiako Probalekuan. Han eginiko hainbat marka pertsonalak izan ziren arren, marka historiko bat ere izan genuen: Udane Ostolazak, berak 59 kilo pisatuta, 122 kiloko harriari hiru jasoaldi eman zizkion, eta horrela, bere pisuaren bikoitza pisatzen duen harria jaso duen lehen emakumea bilakatu zen.
Gure eskolako kideek parte hartu duten txapelketen laburpen txiki bat ere egin nahi genuke. Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa, Gorostidi Harriaren XVI. Txapelketa (Jokin Eizmendik marka berria ezarri zuen), Baliarraingo Ibiur Harriaren Txapelketa, Etxauriko Harria Txapelketa, Zarauzko Bi Harri Txapelketa, Gipuzkoako Gizonezko Kintopekoen eta Gipuzkoako Emakumeen txapelketak, Lau Arroa Txapelketa, Igeldoko Harria eta Ulia Harria txapelketak, Bedaioko Larrañeta Harria Txapelketa, Euskadiko Gizonezko Kintopekoen eta Euskadiko Emakumeen txapelketak, Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa, Euskadiko eta Gipuzkoako emakumezko kintopekoen txapelketak, eta Euskadiko Harri Handien Txapelketa.
Gure klubak federatuen fitxen kopuruaren gorakada izan du, iaz 28 kide federatu izatetik aurten 31 izatera.
Joseba Ostolaza eta Jexus Mari Iruretagoienari Aizarnazabalgo herriaren eskutik omenaldia egin zioten haien harri jasotzaile ibilbidearen oroigarri gisa, eta Izeta eta Ostolazaren eskolako kideok baturik, jaialdi hunkigarria ospatu genuen.
Eskola honetan, ordea, ez da dena gogor lan egitea. Sarritan txapelketa osteko otorduak partekatzen ditugu, eta gure eskolan urtean behin kanpora joateko ohitura ere badugu. 2024aren hasieran Asturiasen (Espainia) izan ginen, eta 2025ari hasiera polita eman nahi diogu Saloun (Katalunia).
2025ari begira, gure eskolak hainbat helburu ditu; emakumezkoen Harri Handien Txapelketa sortzea emakumeek gizonek bezala harri handietan zein harri txikietan espezializatzeko aukera izan dezaten; Harri Herriren hurrengo edizioan parte hartzea; urteroko txapelketa eta torneoetan parte hartzen jarraitzea; beharbada marka saiakera berriak egitea; kirolari berriei gonbita luzatzea gure familiara gehitzeko; eta batez ere, gure arteko giro ona sustatzen jarraitzea.