Aiako pilotalekuan jokatu ziren pasa den larunbatean Pala Txapelketa Mistoko finalak, laugarren urtez jarraian. 18:00etan ekin zioten lehenengo partidari. Helduen kategorian, indarrak neurtu zituzten Saioa Larrañagak eta Aimar Aranberrik, Miriam Sarasolaren eta Iban Aldalurren aurka. Lehen bikote hau izan zen garaile. Bi partidetatik biak irabazi zituen bikoteak, 10-6 markagailuarekin lehenean, eta 10-5, aldiz, bigarrenean.
14 urte bitartekoen mailan, aldiz, Arene Iribarrek eta Oinatz Illarramendik jantzi zuten txapela, Abel Lopetegiren eta Ani Aizpururen aurka lehiatu ostean. Lehen partida 10-6 markagailuarekin amaitu zuten, eta bigarrena, berriz, 10-8 markagailuarekin.