VIII. Slalom auto proba jokatu dute gaurkoan Aiako Ubegun industrialdean, eta urtero bezala, giro aparta sortu da bertan. Autoen hotsa gozagarri izan da hainbat eta hainbat autozalerentzat, eta eguraldiak ere fin eutsi dio gozamenarekin jarraitzeko.
Guztira, 33 auto eta gidarik eman dute izena txapelketan, iaz baino zertxobait gutxiagok, eta entrenamenduko proba eta gero, bi txanda izan dituzte denborarik azkarrenean osatzeko pabiloi artean ezarritako zirkuitua. Asier Tejada izan da irabazlea azken urtetako joerari eutsiz, 01:10,021ko denborarekin. Bigarren eta hirugarren postuak azpeitiarrentzat izan dira, Unai Iparragirre eta Josu Alberdirentzat, hurrenez hurren.