Aia

Sekulako arrakasta izan du Aiako I. Trikiti Jaialdiak

Julene Sorarrain 2024ko abe. 15a, 15:16

Etxe giroa egon arren, Aiako Probalekua goraino bete zen atzo arratsaldean. Izan ere, ehundaka herritar nahiz kanpotar bertaratu ziren trikiti eta pandero doinuak entzutera.

Atzo arratsaldean ospatu zuten Aiako I. Trikiti Jaialdia, eta lehenengo edizioa izan arren, sekulako arrakasta izan zuen. Ehundaka herritarrek eta kanpotarrek bete zuten Probalekua. 

Hainbat musikari igo ziren oholtza gainera. Enaitz Alberdi eta Julen Rueda bikoteak eman zion hasiera jaialdiari eta beraiek arduratu ziren ikusleak festa giroan murgiltzeaz. Beraien ondoren igo ziren Epelde eta Lutxordio bikotea, Laja II. eta Aritz Garmendiarekin batera. 

Ondoren, Andoni Oruesagastiren eta Uxue Kerejetaren txanda izan zen, eta trikiti eta pandero doinuek lagunduz, kantuan aritu ziren bertaratutako ikusleak. Jarraian, Izer eta Alabier bikote esanguratsua igo zen oholtzara, baina ez ziren bakarrik igo, izan ere, Arkaitz Allurren eta Antton Sarobe Panderoren laguntza izan zuten. 

Alaitz Rotetak eta Olatz Zubimendik eman zien amaiera emanaldiari. Hainbat izan ziren hunkitu zirenak, bikoteak familiako kideen omenean abestutako kanta entzun ondoren. 

Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak ere eskertu nahi izan zituen jaialdiko antolatzaileak eta oholtza gainera igo ziren musikariak: "Aia gaur gun zerbait bada, zuengatik da". 

Gainera, Aiako jaiak hainbat urtez girotzen aritu eta trikitiaren kultura zabaldu izanagatik, Antton Sarobe Pandero, Arkaitz Allur, Azkonobieta, Alaitz Roteta eta Iosu Arrizabalaga Izer omendu zituzten. Ainara Saizar jaialdiko antolatzaileak ere jendearen esker ona jaso zuen egindako lan guztiagatik. 

Musika emanaldia amaitu ostean, Probalekutik kalera irten ziren ikusleak, triki-poteoaz eta Euskal Parrilak eskainitako januari gozoaz gozatzera. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide