Aia

Giro alaian eman diete hasiera aiarrek Gabonetako ospakizunei

Julene Sorarrain 2024ko abe. 14a, 14:00

Aiarrak Gabon giro betean murgildu ziren atzo arratsaldean. Gabonetako postalen erakusketa, EITBko maratoiaren grabaketa eta Gabonetako argien piztuera ekitaldia egin zituzten, besteak beste. 

Aurtengo Gabonak iristear daude, eta Aian hasi dira dagoeneko jai berezi hauen inguruko ospakizunekin. Atzo arratsaldean, herriko gaztetxoak plazan bildu ziren, eta margoak eta artaziak eskuan, Gabonetako postalak eta zuhaitzerako apaingarriak margotzen aritu ziren. 

Jarraian, postalen erakusketa zabaldu zuten Kultur Etxean, eta artista txikiak korrika bertaratu ziren beren lanak bilatzera, gurasoei erakusteko asmotan. Gainera, haur bakoitzak bihotz formako puzgarri bana hartu zuen, jarraian EITBko maratoiaren grabaketan erakusteko. Dantzan eta kantari, aurtengo Entzun bihotzari abestia entzun zen herriko plazan, eta bideo grabaketaren ostean, eguneko momenturik esperoena iritsi zen: Gabonetako argien piztuera.

Atzeraka kontatzen hasi ziren herritarrak, eta "zero" ohitukatu orduko, udaletxeko eta Gabonetako zuhaitzaren argiek plaza argitu zuten kolore biziz. Ibilbidearekin jarraituz, kalean behera jaitsi ziren, eta bertan kontaketa berdina errepikatu zuten; bi zuhaitz handi argitu ziren, argi zuriz eta urdinez. Amaitzeko, kalean gora oraingoan, herriko biribilgunera igo ziren, eta bertan ere, zuhaitz handiak argi zuriz apainduta ikusi zituzten. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide