Lorea Segovia: "Ingalaterrako eta Irlandako jokoak izugarri gustatzen zaizkit"

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 9a, 08:00

Lorea Segovia errugbiko jokalari aiarra. (Onintza Lete Arrieta)

Aia-Orio Guka aldizkariaren azaroko zenbakian, Lorea Segovia errugbiko jokalari aiarra izan da Hitz tantak ataleko protagonista.

Anaia nagusiaren bitartez ezagutu zuen errugbia Lorea Segoviak (Aia, 2006), hark Zarautz Rugby Taldean jokatzen zuelako, eta berak ere bide berari ekin zion 9 urterekin. Ordutik buru-belarri dihardu kirol horretan, eta Eibarren (Gipuzkoa) dabil azken hiru denboraldietan, hango taldeak fitxatuta. Entrenamenduetako baten atarian jarri da Aia-Orio Gukaren argazki kameraren aurrean, Eibarko Unbe kiroldegiko errugbi zelaian.

Umetan probatu zenuen errugbia, eta zure bizitzaren zati garrantzitsua da gaur egun, ezta?

Zalantzarik gabe. Anaia jokatzen ikusten nuen, eta probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Euskal dantzak utzi eta 9 urterekin hasi nintzen errugbian; gaur arte. Ezingo nuke errugbirik gabe bizi.

Zarautzen ez zen senior nesken talderik osatu, eta Eibarrera joan zinen gazterik, hango taldeak fitxatuta.

Bai, Zarautzen saiatu ziren taldea osatzen pare bat aldiz, baina ez zuten lortu. Euskal Ligan talde dezente daude, baina Ohorezko Mailan euskal talde gutxi dago. Duela lau denboraldi Getxoko taldeak deitu zidan hara joatea eskainiz, bizitokia jarrita, ikasketekin handik jarraitzeko. Kontua da, ordea, 17 urte egin arte ezin dela Ohorezko Mailan jokatu, eta nik artean ez nituenez, aurreneko urtea beste talderen batean jokatu beharko nukeen, Getxok ez zeukalako beheragoko mailan talderik. Eibartik deitu zidaten gero, beraiek ere bizitokia-eta jarriko zizkidatela esanez. Eibarrek bigarren taldea baduenez, han jokatuko nuela esan zidaten, eta 17 urte betetakoan, goiko taldera igoko nintzela. Eibar aukeratu nuen, eta entrenamenduak lehenengo taldearekin egin izan ditut beti.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Orokorrean, ona. Iazko denboraldian gaizki pasatu genuen, ordea, partida asko galdu genituelako. Finala ere tristea izan zen, hiru puntugatik partida galdu eta mailaz jaitsi ginelako.

Ohorezko A Mailatik B mailara jaitsi zineten. Aurtengo helburua berriz igotzea al da?

Bai, zalantzarik gabe, aurten berriz mailaz igotzea da xedea. Nahiko ondo hasi gara; lagunartekoak jokatu ditugu orain arte, eta entrenatzaileek esan digute ez begiratzeko emaitzei, probak egiteko eta minutuak jokatzeko delako denboraldiaurrea. Asteburuan [urriak 26-27] hasiko dugu liga, Cadizen (Espainia).

Zein da zure egitekoa zelaian?

Bigarren lerrokoa naiz, 4 zenbakiduna. Labur esanda, korrika egiten dugun jokalari indartsuak gara, aurrelariak. Nire lana baloia hartu eta aurrera bultzatzea izaten da.

Kirol gogorraren fama du errugbiak. Iradoki dizute inoiz ez dela neskentzako modukoa?

Kalean denek esaten zidaten ea nolatan nenbilen errugbian, baina etxean, adibidez, beti babestu izan naute. Oso garrantzitsua iruditzen zait, jende askok lagatzen duelako errugbia etxean, beldurragatik, ez dietelako jarraitzen uzten. Neskak animatuko nituzke errugbia probatzera, kanpotik beldurra eman dezakeen arren, ezagutzen duzunean, asko gozatzen duzulako.

Beste kiroletan baino lesio gehiago egoten al da?

Nire ustez, ez. Kirol bat egiten baduzu, gorputza kirol horretarako prestatu behar duzu; hori da gakoa. Guk, esaterako, entrenamenduetan ordubete egiten dugu gimnasioan, eta ondoren, korrika pixka bat edo lan fisikoren bat. Hori amaitutakoan hasten gara entrenatzen, ordu eta erdiz. Astean hiru bider entrenatzen dugu. Bestalde, esan behar da errugbian errespetu asko dagoela, esaterako, futbolarekin edo eskubaloiarekin alderatuz gero; beste modu batean jokatzen da.

Zein dira zure erreferenteak?

Taldeetan jartzen dut arreta, ez pertsonetan. Esaterako, Ingalaterrako eta Irlandako jokoak izugarri gustatzen zaizkit.

Zer amets dituzu?

Errugbian jarraitzea; bizitza ematen dit. Errugbirik ez banu, ez dakit arratsaldeetan zer egingo nukeen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide