Aiako Udalak, EHUrekin elkarlanean, urriaren erdialdean eman zuen Gabino Alustiza bekaren berri. Horren bidez, unibertsitateak aholkularitza zientifikoa emango du Aiaren historiari, ondareari eta kulturari buruzko ikerketa bat egin nahi duen ikasleari. Orain, deialdiaren oinarriak argitaratu berri dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, beka norbanakoek edo taldeek eska dezakete, eta ezinbestekoa izango da goi mailako hezkuntza titulu bat izatea. Gainera, onuradunak zerga betebeharrak egunean eduki beharko ditu, eta hala frogatu beharko du dagokion ziurtagiria aurkeztuz.
15.000 euroko diru laguntza izango da beka bidez eskainiko dena, eta urtebeteko epean egin beharko du onuradunak lana, esleitzen den egunetik kontatzen hasita. Gainera, urte erdiko epean onuradunak egindako lanari buruzko txosten bat bidali beharko dio Aiako Udalari. Horretaz gain, udalak garbi utzi du lanek orijinalak izan beharko dutela. Hemen aurki daitezke baldintza guztiak, xehe azalduta.