Umeak izan dira protagonista gaur arratsaldean Urdanetan

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 9a, 18:40

Oilasko biltze eguna dute gaur Aiako auzo horretan, eta goizean ez ezik, gauan ere oilasko biltzearen bueltan ibiliko dira. Tartean, ordea, auzoko txikienentzako ekintzak izan dira pilotalekuan, eta gozatua hartu dute jokoetan parte hartuz aurrena, eta txokolate beroa hartuz, gero.

Batzuek goizean goiz hasi dute festa Urdaneta aldean, 06:00etan, dianarekin batera, oilasko biltzen hasi baitira auzoko gazteak Aritz Hernandez Larrume eta Iban Gorriti Beltza bertsolariekin. Izer eta Alabier trikitilariak ere haiekin ibili dira.

Arratsaldean, berriz, umeak izan dira protagonista Aiako auzoan, eurentzako jolasak prestatu baitituzte pilotalekuan. Txikienek aurpegiak margotzeko aukera eduki dute, eta ondoren, aulki jokoan, sokatiran eta beste joko batzuetan aritu dira. 

Txokolate beroa eta ezustekoak ere prestatu dituzte auzotarrek.

Gauean, helduentzat festa

Behin umeentzako ekintzak amaituta, kalejira egin dute auzoan zehar, trikitilariekin, eta gauean, berriz, goizean bildutako oilaskoekin afaria izango da auzotar guztientzat, Indamendi elkartean.

Ondoren, erromeria izango da Enaitz Alberdi eta Oibarrekin, hori ere Indamendi elkartean; denentzat zabalik egongo da elkartea.

Azkenik, gauerdia iristean, DJ Indartek girotuko du gaua Ximor tabernan.

Bihar eta etzi, gehiago

Bihar eta etzi ere izango da zer gozatua Urdanetan, festen azken txanpan. Bihar arratsaldean, esaterako, harri jasotze txapelketa egingo dute 150 kiloko Markesko kubikoa harriarekin.

Astelehena, berriz, San Martin eguna izango da, eta besteak beste, patata tortilla lehiaketa eta auzotarren arteko herri kirol lehia egingo dituzte.

Honakoa da azken bi egunetako egitaraua:

Azaroak 10, igandea

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Auzotarren arteko helduen esku pilota eta pala txapelketen finalak.
    • Jarraian, poteoa auzoan zehar Laja eta Lutxurdio trikitilariekin.
  • 17:30. Harri jasotze txapelketa 150 kiloko Markesko kubikoa harriarekin. Parte hartuko duten harri jasotzaileak: Mikel Lopetegi Urra, Iraitz Arruti, Xabat Olaizola, Paulo Azpiazu eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a.
    • Jarraian, erromeria Laja eta Lutxurdio trikitilariekin, 22:30 arte. Patata dantza lehiaketa ere egingo dute erromerian.

Azaroak 11, astelehena. San Martin eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
    • Jarraian, patata tortilla lehiaketa eta auzotarren arteko herri kirolak: trontza, txingak, lokotx bilketa, zaku lasterketa eta abar. Saioa girotzen ariko dira Izer eta Alabier trikitilariak.
  • Arratsaldean, trikitilariak Indamendi elkartean, denentzat.
    • Ondoren, kalejira auzoan zehar, eta festei amaiera emateko traka zaratatsua.

(Argazkiak: Eneritz Albizu eta Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide