Igandeetan izaten da erromeria Aiako Andatza auzoko Aristerrazuko plazan, 18:00etan hasi eta 21:00 arte. Tarte horretan, hango tabernak ere ateak zabalik izaten ditu, eta giro paregabea sortu ohi da dantzara edo, besterik gabe, trikiti doinuez gozatzera bertaratzen direnen artean.
Igandeetan ez ezik, jaiegunetan ere antolatzen dute erromeria, eta hala, bihar, ostirala, azaroaren 1a, Eneko Dorronsoro eta Andoni Ezkerra igoko dira oholtza gainera.
Ondoren, ordea, bizpahiru asteburutan ez da hitzordurik izango Aristerrazun, antolatzaileek jakinarazi dutenez. "Aiako auzoetako festak direla eta, bertan egiten diren erromeriak errespetatzeko asmoz, azaroaren 24ra arte ez da erromeria saiorik izango". Biharko saioaren ondoren, beraz, azaroko azken igandean bueltatuko da trikiti festa Andatzara.