Baso Terapiaren lehenengo saioa egin dute Pagoetako Parke Naturalean

Julene Sorarrain 2024ko urr. 25a, 16:00

Aldundiak, Basotiken bidez, basoaren onura terapeutikoak hirugarren sektoreko elkarte eta egoitzetara hurbildu ditu. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aldundiak, egitasmoaren bidez, basoaren onura terapeutikoak hirugarren sektoreko elkarte eta egoitzetara hurbildu nahi ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehenean aurkeztu zuen Baso Terapia, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak eta Basotik Fundazioak abian jarri duten ekimen berria. Gipuzkoako basoek hirugarren sektoreko elkarteetako eta adinekoen egoitzetako pertsonen ongizate fisiko eta emozionalean eragiteko duten potentziala aprobetxatu nahi da. 

Pagoetako Parke Naturalean egin dute egitasmoaren lehen saioa, baso-ingurunean paseo gidatuak eginez. Parte-hartzaileek beren inguruneari arreta osoa eskaini beharko diote, zentzumen guztiak erabiliz. "Ibilaldi patxadatsu eta gogoetatsuen bidez, naturarekiko elkarrekintza areagotzea bilatzen dute, naturarekin konektatu ahal izateko", azaldu dute aurkezpenean. Hainbat azterlanen arabera, baso terapiak eragin zuzena du honako alor hauetan: estresa murriztea, depresioarekin eta antsietatearekin lotutako sintomak arintzea, sistema immunologikoa indartzea naturarekin kontaktu zuzena izatean, arreta eta kontzentrazio mailak handitzea eta onura kardiobaskularrak. 

Bi hilabeteko terapia pilotua izango da, eta Eibarko Egogain zentroan bizi diren adineko pertsonak ari dira parte hartzen. The Forest Therapy Hub-en trebatutako profesionalek zuzentzen dute terapia, eta kolektibo hauen osasunean eta ongizate emozionalean eragitea du helburu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide