Aia

Esti Markez: "Oso hustuta eta, aldi berean, beteta gelditu naiz lan honekin"

Onintza Lete Arrieta-Gorka Eizagirre 2024ko urr. 17a, 09:30

Bakarkako bigarren diskoa argitaratuko du bihar Esti Markezek (Aia, 1999) Atenporal izenburupean. Aurrekoa baino disko "helduagoa eta sakonagoa" dela kontatu du musikari gazteak.

Nola deskribatuko zenuke zure bakarkako bigarren lana, Atenporal diskoa?

Bada, nahiko atenporala dela. Bederatzi abestik osatzen dute, eta hasierez eta bukaerez hitz egiten du; nahiko pertsonala da. Bizitzan zehar edo azken urteetan zehar pasatzen joan zaizkidan gauzei idatzi diet, eta hori da diskoaren haria: harremanen hasierak eta amaierak; ez bikote harremanak, harremanak orokorrean, baizik.

Orain gutxi argitaratu duzu Ondoan ez izatea single-a. Horrek amodioaz edo desamodioaz hitz egiten du, ezta?

Jada alboan ez dagoen pertsona batez hitz egiten du. Pena edo tristura horri idatzi nion.

Zeureak dira melodia eta letra guztiak. Nolakoa izan da prozesua?

Aurreko diskoan erabili nituen Jon eta Alaia Martinen letrak, esaterako. Honetan, berriz, denak neuk idatzi ditut. Oso polita izan da idazte hori. Asko gustatzen zait idaztea, baina zailagoa egiten zait guztiz gustura gelditzea idatzi dudan horrekin, melodiarekin baino; disko honetan lortu dut. Oso letra pertsonalak zirenez, errazago egin ditut. Neure buruaz nahiko harro nago, egia esan.

Hustu egin zara, ala oraindik gelditzen zaizu zerbait barruan?

Erabat hustu naiz; terapia modukoa izan da. Gauzei bukaerako puntua jartzen joan naiz, eta oso hustuta eta, aldi berean, beteta gelditu naiz. Biluztuta ere bai? Baita ere. Barruan duzun guztia ateratzen duzunean, berrituta bezala gelditzen zara, sentsazio horrekin.

Jendearen aurrean ageriegi gelditu izanaren sentsaziorik ez daukazu?

Ez. Ez dut uste jendea hasten denik pentsatzen nori idatzi ote diodan abesti bakoitza; jendeak bere egiten ditu abestiak, eta hori da polita niretzat. Nik idatzi ditudanak orokorrean jendeari ere gertatuko zitzaizkion; agian ez dituzte bizi nik bizi izan ditudan bezala, baina jendea identifikatuta sentitzen da. Polita iruditzen zait nik egin dudan zerbaitekin beste norbaiti lagundu ahal izatea.

Zeuri noren musikak laguntzen dizu?

Musika dezente entzuten dut, eta oso anitza, baina asko entzuten dudan musikarietako bat Valeria Castro da. Asko gustatzen zait; hain da goxoa eta polita haren musika... Ondo sentiarazten nau.

2022an argitaratu zenuen bakarkako aurreneko diskoa. Ordutik zertan aldatu dira zure musika eta zu zeu?

Aurreneko disko hartan nik ia ezer ez nekien; dena zen berria, eta gauza asko ez nituen ulertzen. Atera bezala egin nituen, askorik pentsatu gabe. Disko hau askoz helduagoa da eta kontzeptua landuagoa du, neu ere heldu egin naizelako; 23 urterekin nintzena eta orain, 25 urterekin naizena, ez da berdina. Bizitzan ikasten zoaz, eta musikalki ere hazten zoaz. Disko honetan jendeak zerbait helduagoa aurkituko du.

Etiketaren bat jarri beharko bazenio lehen diskoari eta bigarren honi, zer etiketa lirateke horiek?

Pop estiloak dira biak, baina uste dut aldaketa bat egon dela. Disko hau aurrekoa baino askoz pertsonalagoa dela uste dut, sakonagoa, barruragotik abestutakoa; aurrenekoa alaitasunari egindakoa zen. Disko berria entzundakoan, ea zer iruditzen zaizuen!

Aurreko diskoan bezala, bigarren honetan ere hainbat kolaborazio izan dituzu.

Aurrekoak bezala, disko honetako kolaborazioak ere oso bereziak dira. Ondoan ez izatea abestia egin nuenean, esaterako, argi neukan Esanezineko Ianirek [Aranzabe] abestea nahi nuela, oso ahots melankolikoa eta nostalgikoa daukalako eta musikari eta abeslari bezala ere asko gustatzen zaidalako. Emaitza oso polita izan dela uste dut, oso goxoa gelditu dela. Minak izeneko abestian, berriz, Sonakay taldeak kolaboratu du. Denok izan dugu gure bizitzan toxikoa zen pertsonaren bat, eta horri egindako abestia da. Hala ere, abesti bizia izatea nahi nuen, eta runba bat egin dut. Eta, zein hobeto, runba bat abesteko, haiek baino. Ikusiko duzue emaitza, baina uste dut oso guay gelditu dela.

Bakarkako lana duzu hau, baina inguruan izango duzu akuilu lana egiten dizunik.

Inguruan laguntzen didan jende asko daukat, bai: asko laguntzen didate Iosu Ervitik eta Iker Laurobak abestiak ekoizten, haien babes handia sentitzen dut; baita taldekide guztiena ere, Maria eta Dánaerena. Horiez gain, ahizpak ere asko laguntzen dit, gauza askotan. Oso pozik nago inguruan dudan jendearekin, zaila delako proiektuak aurrera ateratzea, are gehiago artista txikia zarenean eta ezin duzunean lantalde handi batekin kontatu.

Aian azaroaren 30ean aurkeztuko duzu diskoa. Aurrez badituzu emanaldi gehiago?

Larunbat honetan, esaterako, Aquariumen izango naiz Granitos de harina izeneko egitasmo solidarioan abesten, bularreko minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko. Lau abesti berri eskainiko ditut han. Hurrengo asteburuan, Ura Bere Bidean kontzertuan parte hartuko dut, urriaren 25ean eta 26an. Azaroan Aian aurkeztuko dugu diskoa, ondoren Durangoko Azokan izango gara, eta Andoainen [Gipuzkoa] ere emango dugu kontzertua. Urte berriarekin, berriz, gauza berriak etorriko dira, baina horien berri emango dut aurrerago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide