Aia

Haizeak Aiako igerilekuko eraikin berriaren tximinia bota du

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 9a, 17:20

Tximinia zegoen tokian zakuak, gaur arratsaldean, langileek eremua garbitu ondoren. (Onintza Lete Arrieta)

Ezbeharrak ez du zauriturik eragin, eta langileek dagoeneko txukundu dute tokia. Horiek azaldu dutenez, tximiniak 3,5 metroko altuera zuen eta zementuzkoa zen. Haize bolada indartsuak izan dira azken orduetan, eta bete-betean jo eta bota du tximinia.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarrita zeukan gaur 18:00 arte Gipuzkoan, eta Aia inguruan izan du eraginik, igerilekuko eraikin berriaren tximinia eraitsi baitu haize bolada batek. Zorionez, gauean izan da erorketa, eta zauriturik ez du eragin ezbeharrak. Langileek arratsaldean amaitu dituzte txukunketa lanak, garabiaren laguntzarekin. Izan ere, 3,5 metro altuko zementuzko pieza izan da erori dena.

Aiako Udalak azaldu duenez, 130 kilometro orduko haizetea izan da erorketa eragin duena, "tximiniak mantenua egiteko hegoaldean daukan zulotik sartu eta zurrunbiloarekin, palanka efektua eginda". Tximinia handia da, eta bere orientazioak ere eragina izan du. Dena den, udalak gogorarazi du halako haizeteak ez direla ohikoak izaten.

Horrez gain, haizeak hainbat zuhaitz ere bota ditu errepidera, bai Aia eta Zarautz arteko errepidera –goiz eta eguerdi partean–, bai herrigunea eta Andatza auzoa lotzen dituen errepidera –arratsaldeko lehen orduan–.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide