Aurreneko urtea da Aiako Udalak Pagoeta Parke Naturaleko egurra banatzen duela herriko etxeetara. Urteetan zehar, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lurretan entresakak egin izan dituzte, eta partikularrek basozainei hartu izan dizkie moztutako egurrak, zuzenean. Aurten, ordea, udalak parkea herritarrei gerturatu nahi izan die, eta aldundiarekin elkarlanean, zerbitzu berri hori eskaini die aiarrei. Hala, hemeretzi etxetara banatu dute egurra.
Bi aukera eman ditu udalak: alde batetik, enpresa baten bitartez, enbor osoak banatu zaizkie herritarrei, gutxienez 6-7 tonako eskaerak eginez. Bestalde, udalak 2 tonako gutxiengo eskaera egin nahi zutenei enborrak moztuta banatu dizkie horien etxetaraino. Azken aukera horrek prezio handiagoa izan du, baina, hala ere, udalak eta aldundiak hortik diru etekinik ez dute atera, eta beraz, soilik zerbitzuaren kostua ordaindu dute herritarrek.
Arrakasta handia izan du, izan ere, guztira 120-140 tona banatu dituzte Aiako 19 etxebizitzatan. Moztu duten egurra haritz amerikarra izan da, eta teknikari baten onespenarekin, zein zuhaitz moztu behar diren zehaztu dituzte. Aiako alkate Jon Ander Azpirozek hedabide honi esan dionez, "gogoa utzi du datorren urtean zerbitzu hau berriro emateko".