Aiako mendi duatloiaren laugarren edizioa antolatu dute urriaren 26rako. 15:30ean emango zaio hasiera probari. Andatzako plazatik abiatuko dira kirolariak, eta toki berean bukatuko dute proba. Bi zati izango ditu: aurrenekoak, sei kilometro izango ditu eta korrika egin behar dute; bigarrenak, bizikletaz egin beharrekoak, 16 kilometro eta 700 metroko desnibel positiboa izango ditu.
Iaz, 130-140 pertsona inguruk hartu zuten parte duatloian eta antolatzaileek aurten "pertsona gehiago gehitzea" espero dute. Aipatu beharra da, duatloia bakarka edo binaka egin daitekeela, erreleboa eginez.
Aiako proba Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituaren laugarrena da. Hasiera Durangon (Bizkaia) emango diote, urriaren 5ean; jarraian, Kanpezun (Araba) egingo dute bigarrena, urriaren 12an; hirugarren proba Amasan (Gipuzkoa) izango da, urriaren 19an; laugarren proba, aurten Euskal Herriko txapelketa izango dena, Aian egingo dute hilaren 26an; bosgarrena Ibarran (Gipuzkoa) izango da, azaroaren 16an; eta amaitzeko, Adunan (Gipuzkoa) bukatuko dute zirkuitua, azaroaren 23an.
Lehenengo probarako izen-ematea zabaldu dute eta Mendi Duatloiaren webgunean egin daiteke. Hurrengo proben izen-emateak datozen asteetan irekiko dituzte.