Aia

Datorren astean amaituko da Aiako musika eta kirol jardueretan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 8a, 09:00

Bi pertsona yoga praktikatzen.

Irailaren 13ra arte egongo da Aiako Udalak antolatzen dituen jardueretan izena emateko aukera. Hobariak izango dituzte behar bereziak dituzten familiek.

Aiako Udalak ekainean zabaldu zuen 2024-2025 ikasturteko musika eta kirol jardueretan izena emateko epea, eta hurrengo astean itxiko du, ostiralean, irailaren 13.

Musika arloan pandero, gitarra, trikitixa eta piano ikastaroak eskainiko dituzte, eta kirolari dagokionez, haurrei –14 urtetik behera– zein helduei zuzendutakoak egongo dira aukeran. Haur eta gaztetxoentzat judo, gym-jazz eta euskal dantzak antolatu dituzte, eta helduentzat, berriz, pilates, yoga, miami fit, munduko dantzak, euskal dantzak eta goiz-argi fittness saioak.

Irailaren 16ko astean hasiera

Ikusgai daude ikastaroen hileko kuotak, baina udalak gogorarazi du hobariak ere egongo direla behar bereziak dituzten familientzat.

Ikastaroak irailaren 16ko astean hasiko dira, eta lehenengo aste hori proba astea izango da. Irailaren 23tik aurrera, berriz, behin betikotzat joko da zerrenda, eta abenduaren 31ra arte hilero kobratuko da kuota. Ondoren, beste epe bat irekiko da –urtarrilaren 10era arte– aldaketak egiteko. Urtarrilaren 13tik aurrera zerrendak behin betikoak izango dira, ekainaren 30era arte.

Ikastaroren batean jende gehiegi biltzen bada, iaz aritutakoek lehentasuna izango dutela azaldu du Aiako Udalak, eta bestalde, herritarren batek beste ikastaroren bat antolatzeko interesa izango balu, proposamena egitera animatu du udalak. Izena ematerakoan proposatu dezake, eta taldea osatzen bada, aurrera egin dezake jarduerak.

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide