Aiako Santio Erreka auzoan, indarrak neurtzen ekin diote Santio Egunari. Lau Arroa emakumezkoen txapelketaren kanporaketa jokatu dute eguerdian, auzoko frontoia jendez lepo zela. Hamar harri jasotzailek parte hartu dute bertan, tartean eskualdeko batzuk izan dira: Elene Ostolaza eta Udane Ostolaza oriotarrak; Olaia Esnaola azpeitiarra; eta Maddi Gesalaga, Ainitze Zumeta eta Lierni Osa zarauztarrak. Lan hauek bete behar izan dituzte: bi minutuko tartean ahalik eta altxaldi gehien ematen saiatzea zilindroari, kubikoari eta bolari. Bada, eskualdeko harri jasotzaileek lan txukunak egin dituzte. Hain zuzen, Aian abuztuaren 10ean izango den finalerako txartela eskualdeko lau harri jasotzailek lortu dute. Bertan izango dira Olaia Esnaola, Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta Ainitze Zumeta.
Ainitze Zumetak erraz irabazi du txapelketaren kanporaketa. 50 kiloko hiru harrietan gailendu da zarauztarra. Hark, 30 altxaldi egin dizkio zilindroari, 21 kubikoari eta 32 bolari. Maddi Gesalaga geratu da bigarren postuan; guztira, 3.800 kg altxa ditu hark, 30 aldiz zilindroa, 20 bider kubikoa eta 26 bola. Hirugarren eta laugarren postuetan, berriz, berdinketa izan da Olaia Esnaolarekin eta Lierni Osarekin. Biak ala biak 3.650 kg jaso dituzte, guztira. Dena dela, epaimahaiak bakoitzaren pisuak hartu ditu kontuan hurrenkera zehazterako orduan. Horregatik, Lierni Osari egokitu zaio hirugarren postua: zilindroa 27 aldiz jaso du zarauztarrak, 18 aldiz kubikoa eta 28 bider bola. Olaia Esnaolaren kasuan, 30 bider jaso du zilindroa, 20 bider kubikoa eta 23 aldiz bola.