Aia

Gazte Eguneko paella lehiaketarako tiketak gaur bertan jarriko dituzte salgai

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 19a, 09:31

Herriko igerilekuan egongo dira eskuragarri paella lehiaketarako tiketak, abuztuaren 1era arte. Aiako Gazte Asanbladak ere jakinarazi ditu gaueko kontzertuak. Aurten taularatuko diren lau talde izango dira Ezpalak, Katu, Herenegun eta Fresa Morango.

Abuztuaren 3an, larunbatarekin, izango da Aiako 6. Gazte Eguna, eta bertako gazte asanbladak iragarri du egitaraua. Paella lehiaketako izen ematea ere zabaldu dute. Gaur bertan jarriko dituzte tiketak salgai –abuztuaren 1era arte egongo dira–, herriko igerilekuan, 14:00etatik aurrera.

Sarrera 12 euro kostako da, eta jaietako kamiseta izango dute parte hartzaileek opari. Paellek 14:30erako eginak egon behar dute. Antolatzaileek jarriko dituzte arroza, olioa, gatza, edaria, kafea, txupitoa eta edalontzia. Parrilak ere piztuta izango dira. Talde bakoitzak bere sua, kazuela, mahai-tresnak eta prestatzeko beharrezko gainontzeko osagaiak eraman behar ditu.

Kontzertuei dagokionean, Ezpalak, Katu, Herenegun eta Fresa Morango taldeek girotuko dute aurtengo Gazte Eguneko gaua.

 

Abuztuak 3, larunbata

  • 11:30ean. Txosnaren irekiera eta ume handientzat jolasak.
  • 14:30ean. Paella lehiaketa.
  • 18:30ean. Elektrotxufla
  • 22:00. Kontzertuak plazan: Expalak, Katu, Herenegun eta Fresa Morango

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide