Aia

Sutarako egurra eskatzeko azken egunak dira

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 22a, 09:00

Sutarako egurra herritarren eskura jarri du udalak. Interesa duten herritarrek udaletxera deitu beharko dute, asteartea baino lehen. Egurra txikitu gabe edo txikituta eskatu ahal izango da.

Aiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, herritarrentzako su egurra eskura jarriko du. Eskaera egiteko azken egunak dira. Izan ere, hilaren 23an, asteartearekin, amaituko da horretarako aukera. Egurra txikitu gabe ala txikituta eskatu ahal izango da. Hau da, ondorengoak dira bi aukerak:

  • Egurra txikitu gabe eta etxeraino eramateko
    • 6-7 tona. Prezioa: 320 euro
    • 12-14 tona. Prezioa: 600 euro
  • Egurra txikituta eta etxeraino eramateko
    • 2 tona. Prezioa: 200 euro

Udalak argitu du eskaera egin ahal izateko Aian erroldatuta egon beharko dela, eta egurra etxe erabilerako bakarrik izango dela. Eskaera egiteko udaletxera deitu behar da (943 13 11 44).

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide