Aia

Aiako musika eta kirol jardueretan izena emateko epea ireki du udalak

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 20a, 09:00

Aiako Udalak antolatzen dituen ikastaro eta jardueretan izena emateko epea ireki berri da. Udalak azaldu duenez irailaren 13ra arte izango da horretarako aukera. Hobariak izango dituzte behar bereziak dituzten familiek.

Aiako Udalak jakinarazi du ireki berri dutela datorren ikasturteko musika eta kirol jardueretan izena emateko epea. Irailaren 13ra arte izango da horretarako aukera. Musika arloan, pandero, gitarra, trikitixa eta piano ikastaroak eskainiko dituzte, eta kirol eskaintza, harrentzat zein helduentzat egongo da. 14 urtetik beherakoek judo, gym-jazz eta euskal dantzak edukiko dituzte. Helduentzat egongo dira: pilates, yoga, miami fit, munduko dantzak, euskal dantzak eta goiz-argi fittness.

Aiako Udalak ikusgai jarri ditu ikastaroen hileko kuotak bere webgunean, baina, azaldu dute hobariak ere izango direla behar bereziak dituzten familientzat.

Irailaren 13ra bitartean egongo da zabalik izena emateko epea, eta ikastaroei hasiera emango zaie irailaren 16ko astean. Aiako Udalak azaldu duenez, lehenengo aste hori proba astea izango da. Irailaren 23tik aurrera, berriz, behin betikotzat joko da zerrenda, eta abenduaren 31era arte hilero kobratuko da kuota. Ondoren, beste epe bat irekiko da –urtarrilaren 10era arte–aldaketak egiteko. Urtarrilaren 13tik aurrera zerrendak behin betikoak izango dira, ekainaren 30era arte.

Ikastaroren batean jende gehiegi biltzen bada, iaz aritutakoek lehentasuna izango dutela azaldu dute Aiako Udaletik. Horrez gain, herritarren batek beste ikastaroren bat antolatzeko interesa izango balu, proposamena egitera animatu du udalak. Izena ematerakoan proposatu dezake, eta taldea osatzen bada aurrera egin dezake jarduerak.

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide