Aia

"Jarduera bereziz betetako asteburua" antolatu du Iturraranek

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 17a, 10:00

Iturraraneko tailerrak. (Andrea Zipitria)

Hiru jarduera antolatu ditu asteburu honetarako Iturraran Parketxeak. Erleen inguruan gehiago ikasteko bi hitzordu izango dira, eta beste bat, baso bainua naturan murgilduz, eguneroko erritmo bizia moteltzen laguntzen duen "esperientzia sentsoriala" izango dela azaldu dute antolatzaileek. Edozein kasutan, izena aurrez eman beharko da.

Iturraran Parketxeak iragarri du "jarduera bereziz betetako asteburua" izango dela datorrena. Hiru ekimen eskainiko dituzte asteburu osoan zehar, bi izango dira hilaren 20an, larunbatarekin eta bakar bat hilaren 21ean, igandearekin.

Larunbatean eta igandean erleez zertxobait gehiago ikasteko aukera izango da, Galdutako erlearen bila orientazio jolasa egingo dute. Larunbatean, euskaraz emango da eta igandean, gazteleraz. 11:30ean hasiko dira bi kasuetan, eta 14:00ak arte luzatuko dira. Mapa baten laguntzaz, parte hartzaileak lorategi botanikoan barrena ibiliko dira. Gainera, amaieran, erlategi batera joan eta erlauntza bat irekiko dute, intsektu horiek abarasketan egiten duten lana ikusi eta ezagutzeko. Antolatzaileek azaldu dute erleak "behar beharrezkoak" direla ekosistemetan, eta haien inguruan ikastea da jolas honen helburua, "ezagutzen den heinean zaintzen dugulako gure ingurua". Parte hartzen duten guztiek etxera oparitxo bat emango dutela ere aurreratu dute.

Helduek sei euro ordaindu beharko dute, eta 3 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoek, lau euro.

Basoa bainua ilunabarrean

Ilargi betearen argia aprobetxatuz Baso Bainua izeneko jarduera ere izango da asteburu honetan Iturrarango Lorategi Botanikoan. Baso Bainua naturan murgilduz, eguneroko erritmo bizia "moteltzen laguntzen duen esperientzia sentsoriala" dela azaldu dute antolatzaileek. "Inguruari so egin eta hura laztandu, usaindu, dastatu eta entzun; bost zentzumenak eta naturako elementuak elkarrekin jolasean jarriko ditugu", zehaztu dute. Hala, parte-hartzaileek jarduera hori egiteko behar duten gauza bakarra "erritmo pausatu batean arnasa hartzea, inguruneaz gozatzea eta txunditzeko gaitasunaz oroitu nahi izatea" dela azaldu dute.

Hitzordua uztailaren 20an, larunbatarekin, izango da 21:00etan hasita, Iturraran Parketxean. Jardueraren prezioa 7 eurokoa da helduentzat eta 5 eurokoa haurrentzat.

Hiru hitzorduen inguruko informazio gehiago jaso edo izena eman nahi dutenek iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi edo 943-83 53 89 telefono zenbakira deitu dezakete.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide