Aia

Bihar irekiko ditu ateak Aiako igerilekuko tabernak

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 24a, 14:02

Aiako igerilekuko eraikin berria, orain aste batzuk.

Ekainaren 14tik dago zabalik igerilekua, eta bihartik aurrera jan-edan zerbitzua ere martxan egongo da. Aste honetan bertan inauguratuko dute, gainera.

Ekainak 25 izango ditu bihar, eta aiar guztiek espero zuten momentua iritsiko da, igerilekuko tabernak ateak zabalduko dituelako berriro ere. Eraikin berria egin du udalak igerilekuaren eremuan, eta horien lanak bukatzen aritu dira azken asteetan. Horregatik zabaldu zuten igerileku denboraldia hilaren 14an, tabernako zerbitzurik gabe.

Behin lanak amaituta, taberna inauguratzeko eguna ere zehaztu du udalak: ostiral honetan izango da, ekainaren 28an, ordua zehazteko dagoen arren.

Obren helburua izan da igerilekuko instalazio guztiak irisgarriak izatea, baita igerilekuak "eraginkortasun handiagoa" duen eraikina edukitzea ere.

Tarifak

Bestale, gogorarzi behar da aurtengo denboraldiko bonuen prezioak honakoak direla: 0 eta 2 urte artekoentzat doan izango da sarrera; 3 eta 5 urte bitartekoek 25 euro ordaindu beharko dute; 6 eta 17 urte bitartekoek, 30 euro; eta 18 urtetik gorakoek, azkenik, 45 euro. 

Aurrena aiarrek izan dute bonua eskuratzeko aukera, eta orain, inguruko herrietakoek ere horiek erosteko aukera dute.

Denboraldia irailaren 15ean amaituko da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide