EGI Euzko Gaztedi Indarreko gazteek gogora ekarri dute duela 89 urte altxa zutela Zarauzko Batzokiko abertzaleek Pagoetako gurutzea, eta ia bederatzi hamarkada geroago ere horretan jarraitzen dutela gazte jeltzaileek. Ekaineko lehenengo igandean, bihar hain zuzen, Pagoeta Eguna ospatuko da, eta horren harira, EGIko kideek gurutzea pintatu eta txukundu dute azken egunetan. 1935ko ekainaren 2an inauguratu zuten Zarauzko Euzkal Etxekoek gurutzea, eta denboraren poderioz gurutzeak jasandako kalteak konpondu dituzte, oro har.
"Egun bezala faxismoa gorantz zioan egun haietan, Laurkingo Zubeldia erretoreak eman zion onespena gurutzeari, ehundaka ikurrinen artean. Laurkingo Lardizabal markesak utzi zien gurutzea jartzeko lurra, bera ere abertzale amorratua baitzen; eta idiz tiratako gurdietan igo zuten zortzi metro eta erditik gorako gurutze zuria. Hartan ere, jeltzale zarauztarrak ez ziren bakarrik egon. Izan ere, besteak beste, Gabino Alustiza Etxeberria Aiako alkatea ere bertan izan zen; urte baten buruan frankistek hilko zutena", jakitera eman dute EAJko gazteek.
Bestalde, EAJko Europako hautagai Aitana Agirreren adierapenak ere ekarri nahi izan dituzte: “Bere historia ezagutzen ez duen herriak ez daki zer duen; eta, beraz, bide okerretik joan daiteke. Ekintza honekin gazteak iragana ezagutzera gonbidatu nahi ditugu”. Hauteskundeen garrantzia nabarmentzearekin batera, “arbasoen memoria, hizkuntza eta gure erakundeak babestu eta garai berrietara egokitzen baditugu, herri gisa bizirautea lortuko dugula”, zehaztu du Agirrek.