Aia

Harri-jasotze errekor saiakerak egingo dituzte larunbatean Aian

Andrea Zipitria 2024ko mai. 22a, 15:30

Aroa Sanchez harria jasotzen.

Errekor saiakerak egingo dituzte larunbatean sei harri-jasotzailek, Aiako probalekuan. 18:00etan izango da jaialdia, eta parte hartuko dute: Aroa Sanchezek, Udane Ostolazak, Xiker Larreak, Xabier Aranburu Guzta-k, Gari Garmendiak eta Estefania Etxebestek.

Harri-jasotze errekor saiakerak egingo dituzte sei harri-jasotzailek Aian. Hitzordua larunbatean jarri dute, probalekuan, 18:00etan. Bertan arituko dira: Xiker Larrea Goikoetxe (Beasain) 200 kiloko errektangular modernoa jasotzen saiatuko da marka pertsonal gisa; Xabier Aranburu Guzta (Idiazabal), 237 kiloko errektangular modernoarekin arituko da; Gari Garmendiak Garmendia II (Idiazabal) 215 kiloko harri errektangular zaharra erabiliko du. Antolatzaileek iragarri dutenez, azken harri hau "konplikatua" da, "helduera eta teknika ezberdinak" erabili behar baitira. Aroa Sanchezek (Orio) hartuko du parte 135 kiloko harriarekin. Proba egitea lortzen badu, kilo gehien altxa dituen bigarren emakumezkoa bilakatuko litzateke. Udane Ostolazak (Orio), orain arte emakumezkoetan egin ez den errekorra hautsi nahi du. Hain zuzen ere, bere pisu bikoitza jasotzen saiatuko da Aian. Estefania Etxebestek Estefi, berriz, 100 kiloko zilindro zaharrarekin ahalik eta jasoaldi gehien egiten saiatuko da.

3 minutuko txandak egingo ditu harri-jasotzaile bakoitzak.Txapelketako gastuak ordaindu ahal izateko sarrerako 10 euro ordaindu beharko du ikuskizunaz gozatu nahi duenak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide