Aia

Haurrentzako udarako eskaintza prest du Aiako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 21a, 08:59

Aiako udaleku batzuetan, haurrak zuri-gorriz jantzita, sanferminak ospatzeko prest.

Uztailean udaleku irekiak izango dira 12 urtera arteko umeentzat, eta igeriketa eta tenis ikastaroak ere antolatu dituzte. Maiatzaren 31ra arte egongo da izena emateko epea. 13 eta 16 urte artekoentzako udako eskaintzaren berri, berriz, aurrerago emango du udalak.

Ate joka da uda, batez ere ume eta gaztetxoentzat, eta Aiako Udalak prest du udako eskaintza. Batetik, udaleku irekiak egongo dira 12 urte arterakoentzat –aurrerago jakinaraziko du zer eskaintza duen 13 eta 16 urte artekoentzat–. Bestetik, igeriketa eta tenis ikastaroak eskainiko ditu.

Udaleku irekiei dagokienez, horiek 12 urtera artekoentzako –adin horretakoak barne– izango dira, uztailaren 1etik 30era, eta ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da. Aian erroldatutakoek 65 euro oraindu beharko dituzte, eta gainerakoek, 120 euro. Familia bereko hirugarren kideak eta hortik aurrerakoek, berriz, erdia ordaindu beharko dute.

Tokia mugatua denez, lehentasuna izango dute herrian maiatzaren 17a baino lehen erroldatutakoek, eta hortik aurrera, izen-emate hurrenkeraren arabera egingo dituzte onarpenak.

Igeriketa eta tenisa

Igeriketa ikastaroa ere uztailaren 1etik 30era eskainiko dute, baina hori arratsaldeetan izango da. Astelehenetik ostiralera, saio bakoitza 45 minutukoa izango dela azaldu dute, eta 4 urtetik gorako umeentzat dela.

Tenisa, berriz, 7 urtetik gorakoentzat izango da, eta guztira 10 ordu iraungo ditu ikastaroak. Uztarilaren lehenengo hamabostaldian egingo dute, hori ere arratsaldez, astelehenetik ostiralera, eta ordubeteko saioak izango dira.

Prezioei dagokienez, igeriketa ikastaroa 28 euro kostako da, tenisa 20 euro, eta biak egin nahi dituenarentzat, berriz, 45 euro.

Zaintza eta autobus zerbitzuak

Aiako Udalak azaldu duenez, auzoetako umeak udalekuetara joan daitezen autobus zerbitzua egongo da, eta zerbitzu hori behar duenak izena ematerakoan eskatu beharko du. 30 euro ordaindu beharko dira umeko.

Zaintza zerbitzua ere egongo da, 08:00etatik 10:00etara, udalekuetara doazen umeentzat, gutxienez zortzi umeko kopurua osatzen bada. Zerbitzu horrek 35 euro balioko ditu.

Izen-ematea

Izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 31ra arte, Kultur Etxean. Ordainketa norberaren kontu korrontetik egingo du udalak uztailaren 15ean, eta horregatik, kontu korrontearen zenbakia eman beharko da, baita umearen edo gurasoen NA zenbakia ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide