Xabier Etxanizek eta Ainara Saizarrek Markina-Xemeingo IV. Helduen Trikitixa Txapelketa irabazi dute

Iraia Oteiza 2024ko mai. 12a, 09:40

Saizar eta Etxaniz, sariarekin. (Ibon Errazu Uria)

Hirugarrenez jantzi dute Markina-Xemeingo lehiaketako txapela soinu jotzaile azkoitiarrak eta pandero jotzaile aiarrak. Etxanizek lagunei eta etxekoei eskerrak eman zizkien saria jasotzerakoan.

Helduen IV. Trikitixa Txapelketa jokatu zuten atzo Markina-Xemeinen (Bizkaia). Guztira, bederatzi bikotek parte hartu zuten, eta epaimahaiak horrela erabakita Xabier Etxanizek eta Ainara Saizarrek irabazi zuten lehia. Soinu jotzaile azkoitiarrak eta pandero jotzaile aiarrak hirugarrenez jantzi dute Markina-Xemeingo txapela, sariketaren lehen eta hirugarren edizioetan ere haiek izan baitziren txapeldun. Ohi modura, irabazleen doinuz amaitu zen txapelketa. Horren aurretik hitz batzuk esan zituen Etxanizek, eta lagunen eta etxekoen babesa eskertu zuen.

Etxanizen eta Saizarren atzetik, bigarren postua lortu zuten Leire Zumetak eta Amaia Arzak. Hirugarren sailkatuak Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta izan ziren; aldiz, laugarren saria Enaitz Alberdi azpeitiarrarentzat eta Elaia Diaz astigartarrarentzat izan zen. Bosgarren postua lortu zuten Irati Arcelusek eta Mirari Plazaolak; seigarren sailkatuak izan ziren Alaitz Roteta eta Ander Duñabeitia; zazpigarrenak Jaume Parra eta Hekthor Folk; zortzigarrenak Ander Blasco eta Jon Ander Azkue; eta bederatzigarren postuan geratu ziren Hegoi Petite eta Mikel J. Elizaran.

Irabazleek txapelak eta 1.000 euro lortu zituzten, bigarrenek 700 euro, hirugarrenek 600 euro, laugarrenek 300 euro eta 250 euro ondorengoek

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide