Aiako Udalak Gozategi Enparantzaren 9. zenbakian dagoen Jauregi taberna-jatetxea alokatzeko lehiaketa publikoa jarri zuen martxan urtarrilaren 30ean, baina inor aurkeztu ezean, berriz atera dute lehiaketara jatetxea alokatzeko lizitazioa. Bada interesa duten herritarrek, gaur izango dute izena emateko azken aukera.
Bigarren aukera honetan, eskaintza hobetu egin dute. Alokairuaren prezioa jaitsi egin dute; hileko, 350 eurokotik, 250 eurotara jaitsi dute (BEZ kanpo). Kontratuaren luzapena gauzatuz gero, berriz, bigarren urtetik aurrera prezioari Euskal Autonomi Erkidegoko KPI-a gehituko zaio. Hortik aurrera, prezioa Euskal Autonomi Erkidegoko KPI-a gehituz joango da urtez urte. Zerbitzuaren baldintzak ere malgutu egin dituzte. Lehen gutxienez astean bost egunetan ireki behar zen jatetxea, orain, berriz, lau egunetara jaitsi dituzte irekitze egunak.
Ustiaketa baldintzen inguruko xehetasun guztiak Aiako Udalaren webgunean daude eskuragarri, ondorengo estekan.