Arropa bilketa egingo dute gaur eta asteazkenean Aiako truke azokara bideratzeko. Lehen aldiz antolatu duten truke azoka larunbat honetan izango da. Eta parte hartzeko beharrezkoa izango da, aipatu bi egunetan dohaintzan arropa ematea. Horretarako, hitzordua jarri dute gaur eta asteazkenean, 16:00etatik 18:30era bitartean, gaztelekuan.
Arropa entregatzeko bete beharreko baldintza izango da jantzi guztiak "garbiak eta egoera onean" egotea. Bestalde, ez dituzte jasoko ondorengoak: oheko arropak, toallak, oinetakoak, uniformeak, barruko arropak edota bainujantziak. Gainera, gehienez ere pertsonako bost pieza hartuko dituzte. Hala, azokara eramandako gauza bakoitzeko txartel bana emango dute, eta horrekin beste gauzaren bat hartzeko aukera izango da.
"Kontsumo ereduaren inguruko gogoeta" bultzatzeko asmoarekin abiatu dute egitasmoa Irune Aldai eta Jenny Ross bizilagunek, eta herritarrei dei egin diete etxeetan jasota eta erabiltzen ez dituzten edo behar ez dituzten arropak eraman ditzaten, erabilera berri bat emateko aukera izango baita azoka.