Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Iker Lauroba

Karkara 2024ko mar. 27a, 09:30

Iker Lauroba.

Gabonetan egin ohi bezala, Aste Santuaren atarian berriro jarri dugu martxan herritarren doinu kutunak ezagutzeko atal hau. Bigarren bost doinuak Iker Lauroba abeslariarenak dira.

1.-Leonard Cohen. Take this waltz

 

Nire lehen oroitzapen musikalen artean Leonard dagoela esango nuke. Etxean asko entzuten zuten gurasoek eta bere diskoak memorian iltzatuta ditut oraindik. Gaztaroan jakin nuen abesti honen hitzak Pequeño Vals Vienés poematik itzuli zituela ingelesera Leonardek berak, Federico Garcia Lorcaren hitzen maitalea baitzen. Silvia Perez Cruzek ere badu abestiaren bertsio izugarri bat olerki originalarekin.

2.- Mikel Laboa. Martxa baten lehen notak

 

Gaztaroan izugarri entzun nituen Laboaren diskoak, eta uste dut hau izan zela gitarrarekin ikasi nuen lehendabiziko abestietako bat. Melodia epikoa sortu zuen Laboak,  J.A. Artzek berriz, herrialde eta herritarren arteko elkartasunaz era zoragarrian bete zituen hitzak. Euskal Herriaren ereserkia izan beharko litzatekeela uste dut. 

3.- Su ta Gar. Amets baten bezala

 

Zuzeneko emanaldietan gehien ikusi dudan taldea da Su ta Gar. Aitor Gorosabel gitarra jotzen ikusten nuen eta nik ere bere modukoa izan nahi nuen. Urte askotan eraman zuen Ibanez gitarra gorriaren modelo berdina erosi nuen nire lehendabiziko soldatarekin. Abesti hau bereziki gustatu izan zait beti.

4.- Lauroba. Agur

 

Abesti hau konposatu nuen 14 urteren ondoren taldeari amaiera emateko. Gure ibilbidean sortutako kanten zatiekin idatzitako abestia da, eta bideoa azken kontzertuko irudiekin osatu genuen.

5.- Scott Matthews. Elusive

 

Azken boladan asko entzuten dudan artista da. Asko gustatzen zait nola jotzen duen gitarra eta bere konposizioetan erabiltzen dituen harmoniak oso bereziak dira. Bere disko gehienak etxean grabatzen ditu gainera, niretzat erreferente bat da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide