Larunbat honetan jokatuko dute Aia eta Andatza arteko errepidean Aiako XVII. Igoera, eta Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria izango da. 14:30ean emango diote hasiera lehenengo txandari, eta 51 auto gidari lehiatuko dira, pasa den urtean baino hamalau gehiago. "Aspaldiko partez, zerrenda oso polita osatu dugu, auto politak eta ikusgarriak daude tartean", zehaztu zuen astearte iluntzean izan zen probaren aurkezpenean Jorge Del Cidek, Bosteko eskuderiako kideak.
Larunbatean parte hartuko duten hainbat pilotu ere ekarri zituen gogora Del Cidek. Hala, lehen dortsalarekin lehiatuko da gaur egun euskal mendietako lasterketako txapelduna, Aitor Manso. Dena den, "faborito nagusia" izaten jarraituko du Joseba Iraola bizkaitarrak. E2-SC kategoriako egungo Europako txapelduna da Iraola. Aurten, gainera, berrikuntzekin iritsiko da pilotu hori Aiara: "E2-SS kategoriako txasis berri bat estreinatuko du". Berak du gaur egun Aiako Igoerako errekorra ere. 2022an lortu zuen, ia lau kilometroko ibilbidea 1:39:328 denborarekin eginda. Arkaitz Ordoki nafarra "Iraolarenaren antzeko ibilgailu batekin" lehiatuko da, "motor ez hain indartsuarekin, ordea". Abel Lombardok, berriz, Dallara F3 Formularekin hartuko du parte, eta "podiuma irabazteko hautagai nagusien artean" dago gaur-gaurkoz. Tartean izango dira Javier Polanco, Arnaud Dardans, Daniel Jimenez, Iosu Beitia eta Iñaki Jauregi ere.
Aiako Igoeran parte hartuko duen Aitor Zabaleta junior ere izan zen aurkezpenean. Bere aitak hamar aldiz irabazi du Aiako proba, eta aitarengatik zer ikasia baduela esan zuen. Ibilbideari dagokionez, "bi zati" dituela azpimarratu zuen. "Lehen zatia azkarra da, kontuz ibili beharrekoa. Nahikoa ezusteko egon dira, eta ikasi egin behar da nondik pasa daitekeen. Bihurgune handia pasata hasiko litzateke bigarren zatia, teknikoagoa".
Autoak ikusteko aukera
Ohi bezala, goizean ibilgailu guztiak ikusteko aukera egongo da –09:30etik aurrera– Gozategi plazan. Hain zuzen, bertan ikuskapen teknikoak egingo dituzte, 09:30etik 12:30era. Komisarioak ibilgailu guztiek segurtasun arauak betetzen dituztela egiaztatu ondoren hasiko da igoera.
Antolatzaileek azpimarratu dute araututako lekuetatik bakarrik egongo dela proba ikusteko aukera, eta zinta guztiak errespetatzea eskatu dute, baita mendiak ere.
Errepidea itxita
Auto igoera dela eta, 13:00etik 20:00ak bitartean Andatzatik igarotzen den Aia eta Orio arteko errepidea itxi egingo dutela iragarri dute antolatzaileek. Errepide mozketak eragina izango du Lurraldebusen autobus zerbitzuan ere. Ez du ohiko ibilbidea egingo: Aia eta Orio arteko errepidea erabili beharrean, Pagoetatik barrena jaitsiko da Oriora autobusa. Horrez gain, probak irauten duen bitartean, Aiako geralekua Armendigaineko biribilgunera lekualdatuko dutela jakinarazi dute Lurraldebus zerbitzuaren arduradunek.