Lorentz eta Olaia Orbegozok irabazi dute III. Pala Txapelketa Mistoa

Andrea Zipitria 2024ko urt. 8a, 13:30

Atzo jokatu zituzten Gabonen bueltan antolatu duten III. Pala Txapelketa Mistoko finalak, eta 14 urtetik gorakoetan Lorentz eta Olaia anai-arrebek irabazi zuten; 14 urte bitartekoetan, berriz, Xuban Illarramendik eta Saioa Larrañagak osatutako bikoteak irabazi zuen partida.

Aiako pilotalekuan atzo jokatu ziren Pala Txapelketa Mistoko finalak, hirugarren urtez jarraian. 18:00etan ekin zioten lehenengo partidari. 14 urte bitartekoen partida jokatu zen lehendabizi: Eki Aizpuruk eta Maddi Cotanok aurkari izan zituzten Xuban Illarramendi eta Saioa Larrañaga. Azken hauek jantzi zuten txapela, jokatutako bi partidak irabazita: 10-6 eta 10-5 markagailuarekin bukatu ziren bi partidak.

Helduen kategorian, indarrak neurtu zituzten Lorentz Orbegozok eta Olaia Orbegozok, Jon Aranberriren eta Garazi Eizmendiren aurka. Anai-arrebak izan ziren garaile, azkenean hiru partidetatik bi irabazita. Lehena galdu egin zuten, 4-10 markagailuarekin, beste bietan, ordea, hasiera txarrari buelta ematea lortu zuten, garaipena lortuta: 10-8 egin zuten bigarren partidan, eta 5-2 hirugarrenean.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!