Pala txapelketa mistoa antolatu dute hirugarrenez Gabonen bueltan

Andrea Zipitria 2023ko aza. 23a, 12:00

Aiako I. Pala Txapelketa Mistoa.

Abenduaren 5era bitartean, irekita dago Aiako Pala Txapelketa Mistoan izena emateko aukera. Txapelketan parte hartzeko bikoteko kideren batek Aian erroldatua egon beharko du.

Haur, gazte eta helduentzat pala txapelketa mistoa antolatu dute Aian, hirugarren urtez jarraian. Txapelketa bi kategoriatan banatuko da; 14 urte bitartekoak ariko dira alde batetik eta 15 urtetik gorakoak bestetik. Eta Gabonen inguruan izango da; abenduaren 18ko astean hasi eta urtarrilaren lehenengo astera arte iraungo du.

Izen-ematea ireki dute dagoeneko. Palan jokatzeko interesa dutenek, abenduaren 5a baino lehen eman beharko dute izena; Aiako Kultur Etxean, 943-13 09 24 telefono zenbakira deituta, edo aiakoke20@gmail.com e-postara idatzita.

Bikoteka nahiz banaka eman ahal izango da izena, baina bikoteko kideren batek Aian erroldatua egon beharko du txapelketan parte hartzeko. Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dute, txapelketa egokia antolatzeko helburuarekin, antolatzaileek bikoteak edo kategoriak aldatzeko aukera izango dutela.

Parte-hartzaile guztien artean hainbat opari zozkatuko dituzte, baina txapeldunak eta txapeldunordeak zozketatik kanpo geratuko dira, horiek beren sariak izango dituztelako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide