Udal Igerilekuko eraikin osagarria eraikitzeko proiektua onartu du Aiako Udalak. Azaroaren 13an izan zen udalbatzarrean aho batez onartu zuten hiru taldeetako ordezkari guztiek egitasmoa. Obra berriaren helburua da igerilekuko instalazio guztiak irisgarriak izatea, eta eraginkortasun handiagoa duen eraikina edukitzea igerilekuak. Era berean, udako hilabeteetan ematen den zerbitzuaren beharretara egokitzen den sukalde eta taberna bermatzea. Igerilekuaren goialdean, bestalde, begiratoki bat eraikitzea jaso da proiektuan.
599.985,74 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute lanek, eta aurreikuspenen arabera, lau hilabete eta erdi luzatuko dira. Esku-hartze guztiak egiteko igerilekua itxita dagoen garaia aprobetxatuko dute. Gabonak pasa eta berehala obrak hastea da asmoa. Horretarako, urtarrilerako adjudikatuta egon behar luke proiektuak.
300 metro koadroko azalera
Instalazio berriak 300 metro koadroko azalera izango duela aurreikusi dute, eta taberna, komunak eta aldagelak edukiko ditu, besteak beste.