Energia aurrezteko eguzki plakak jarriko dituzte udaletxean eta kultur etxean

Andrea Zipitria 2023ko aza. 15a, 10:00

Instalazioa Gabonak pasa ondoren egitea aurreikusten du udalak. 14 eguzki plaka jarriko dira udaletxean, eta 21 izatera iritsiko dira kultur etxean. Bestalde, jasangarritasun bidetik, berokuntza sistema aldatuko du udalak kultur etxean; aerotermia bidez jarriko du.

Aiako Udalak azaldu duenez, udal eraikinak energiaz hornitzeko eguzki plakak jarriko dituzte. Zehazki, udaletxean eta kultur etxean aurreikusi dituzte eguzki plakak; 14 eta 21 instalatuko dira, hurrenez hurren.

Modu honetara, lortutako energia udal eraikinak hornitzera bideratuko da bere osotasunean. Panel fotovoltaikoak "udaletxeak eta kultur etxeak behar duen argindar guztia" sortzea aurreikusten da.

30.000 euro inguruko kostua izango dute lanek, eta udalak nabarmendu duenez, jasotako dirulaguntzari esker, erdia baino gutxiago hartuko du udalak beregain. Hain justu ere, energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoari eta biltegiratzeari eta bizitegi-sekorearen sistema termiko berriztagarriak ezartzeari lotutako dirulaguntza lortu du udalak, eta 17.000 euro inguru jasoko ditu lanak egiteko.

Panelak jartzen hasiko dira Gabonak pasa ondoren, eta bi aste ingurutan martxan izango direla azaldu du udalak.

Aerotermia sistema kultur etxean

Bestalde, jasangarritasunaren alde baita ere, kultur etxeko berokuntza aerotermia-sistema bidez jarriko du udalak. "Ohiko berokuntza-sistemek baino energia gutxiago kontsumitzen du, eta energia berriztagarria izateaz gain, kasik ez du mantentze lanik behar", zehaztu dute.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide