Azken txanpan sartu da musika eta kirol ikastaroetan izena emateko epea

Mireia Galarza Bastida 2023ko ira. 17a, 09:30

Panderoa, gitarra, trikitixa eta piano ikastaroak eskainiko dituzte musika arloan. Kiroletan, aldiz, pilates, yoga eta euskal dantzak eskainiko dituzte, besteak beste. Bihar izango da horietan guztietan izena emateko azken eguna.

Azken txanpan sartu da ikasturte honetako Aiako musika eta kirol ikastaroetan izena emateko epea. Hain zuzen ere, bihar izango da horretarako azken eguna. Herritarrek kultur etxean eman beharko dute izena. Panderoa, gitarra, trikitixa eta piano ikastaroak eskainiko dituzte musika arloan. Kiroletan, aldiz, pilates, yoga eta euskal dantzak eskainiko dituzte, besteak beste. Hemen ikus daiteke eskaintza osoa, baita ekintza bakoitzaren prezioa ere. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, familia bateko hiru kidek edo gehiagok ekintzetan izena ematen badute, %10eko deskontua izango dute hileko kuota orokorrean. Bestalde, ekintzaren batean jende gehiegik izena ematen badu iaz izena eman zutenek izango dute lehentasuna; betiere, zehaztutako epearen baitan apuntatzen badira.

Bestelako ikastarorik antolatu nahi duenak ere izango du aukera. Horretarako, beste ekintzetan izena ematearekin batera adierazi beharko du. Taldea osatzeko behar adina lagunek asmo bera azaltzen badute, ikastaro berria sor daitekeela azaldu dute antolatzaileek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide