Aiako frontoiko aldageletan kalteak eragin dituztela salatu du udalak

Jabi Gonzalez Toston

Egileen bila ari dira eta konponketak ordainaraziko dizkiete. Zehaztu dutenez, ekintza arriskutsuak gauzatu dituzte sua piztu dutelako butano bonbonak dauden eremuan.

Joan den asteburuan Aiako frontoiko aldageletan eragin zituzten kalteak salatzeko bideoa zabaldu du sare sozialetan udalak. Bertan ikusi daitekeenez, paretak zikindu zituzten eta sua piztu zuten komunean. Hori horrela, kalteen egileen bila ari direla jakinarazi dute eta topatutakoan konponketak ordainaraziko dizkietela zehaztu dute. 

Nolanahi ere, kalteek baino ekintzon egileek hartutako arriskuak kezkatzen du gehien Aiako Udala; izan ere, butano bonbonak daude komunean. Gainera, zehaztu dutenez, joan den asteburukoa ez da Aiako frontoiko aldageletan kalteak eragin dituzten lehenengo aldia. Horregatik, ekintza arriskutsu horiek alboratu eta eskura dituzuen instalakuntzetan jolastu eta erabilera egokia emateko eskatu dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide