Izeta Sagardotegiak 40 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko, Izeta Bikote Mistoen Mendi Lasterketa Solidarioa izeneko kirol txapelketa sortu du. Irailaren 17an jokatuko da, 09:30ean, Izeta Sagardotegitik bertatik abiatuta –Elkano auzoa, Urdaneta bidea, Aia– eta partaideek 6,4 kilometro egingo dituzte korrika. Bildutako dirua Marea Urdina taldeari laguntzeko izango da.
Izetatarrek nabarmendu dutenez, "zerbait berezia" egin nahi izan dute urteurrena ospatzeko, eta gogoratu dute euren familia beti egon dela kirolari lotuta: "Izeta sendia eta kirola hamarkadetan zehar loturik egon dira; herri kirolak ez ezik, beste kirol guztiak ere maite ditugu. Hala, familia, natura, kirola, gastronomia eta solidaritatea uztartu nahi ditugu egun berezi horretan".
Izeta Sagardotegiko lurretan, sagastietan barrena, "edonork egiteko moduko ibilaldi bat" prestatu dutela ziurtatu dute. Gainera, 14 urtetik beherako haur eta gaztetxoentzat ere antolatu dute 700 metroko ibilbide bat; helduen lasterketaren ondoren egingo dute hori.
Izena emateko epea zabalik dago Kronoak.com atarian.
Bestalde, "Marea Urdinaren helburu solidarioarekin bat egin" nahi du Izeta Sagardotegiak. "Aniztasun funtzionala duten pertsonenganako sentsibilizazioa gizarteratu nahi dugu, eta ahal bada, ekonomikoki ere laguntza bideratu".
Izetatarrek herritarrei dei egin diete lasterketan parte hartzera nahiz korrikalariak bertatik bertara animatzera.