Herrian galdezka: Zer eskaintzen dizu Aiako igerilekuak?

Erredakzioa 2023ko abu. 12a, 09:30

Uztaileko Karkara aldizkarian kalera atera dira kazetariak Aiako igerilekuak zer eskaintzen duen galdetzera.

ESTIBALIZ AGIRRE

"Zarauztarrak gara, baina dezentetan etortzen gara Aiako igerilekura, eta aurten bonoa erosi dugu. Iaz ere asteburuetan etortzen ginen, eta hobeto ateratzen zaigu bonoa hartuta. Oso igerileku erosoa iruditzen zait umeekin etortzeko: ur jolasak daude ume txikientzat, eta ez dago arriskurik igerian ez dakitenentzat. Horrek lasaitasuna ematen du; begiratu behar duzu, bai, baina lasaitasun horrekin. Gainera, umeek asko gozatzen dute bertan, giro oso ona dago, eta askotan etortzen gara asteburuetan ere bazkaltzera edo afaltzera; dena bertan daukazu. Umeak gustura egoten dira, eta gurasoak ere bai, igerilekua iluntzeetan ixten dutenean ere, jolasteko tokia dutelako, izan zelaia, izan beren etxetxoa... Plan polita da, eta instalazioak ere ondo daude".

 

UNAI COTANO

"Igeri egitea gustatzen zait, eta egunero ez bada, ia egunero erabiltzen dut igerilekua. Eguerdian beti egoten da aprobetxatzeko moduko tarteren bat. 25 metro luze ditu igerilekuak: Orioko eta Zarauzko igerilekuen luzera bera du, beraz, primeran dago. Duela urte batzuk sakonera gehiago zuen, baina gero obra egin eta gutxiago utzi zioten, eta horri esker, orain ura ez da hain hotza egoten. Eguzkitan bi egun egoten bada, tenperatura ona hartzen du. Udan, kanpinean bezala sentitzen zara hemen, kristorena da. Haurrek ere ederki pasatzen dute; bakarrik etortzen dira, zoragarria da. Toki asko dago, ondo hartzen zaituzte, eta oso ondo jaten da, gainera. Prezioari dagokionez, ez zait garestia iruditzen egunero erabiltzen baduzu; merkea dela esango nuke". 

JOSUNE AZPIROZ

"Neu ez naiz askotan etortzen igerilekura bertara, eguzkitan egoteko arazoak ditudalako. Baina igerilekuko tabernara sarri etortzen naiz bazkaltzera nahiz afaltzera. Pilik beti gauza goxoak prestatzen dizkigu, eta zerbitzu oso ona eskaintzen dute. Belarretan egotera eta bainu bat hartzera ere gustuko dut, baina gutxitan etortzen naiz. Zalantzarik gabe, udan igerilekua herriko toki inportantea da; herria bete egiten du, eta bertako ume, gazte eta gurasoak atera ere ez dira egiten igerilekutik. Pixkanaka gauzak berritzen ere ari dira: igerileku ingurua berritu dute, txikientzakoa gunea ere bai, belardia zabaldu egin dute eta egoteko toki gehiago dago, tabernari ere estalpea gehitu diote... Hori bai, taberna eta sukaldea txiki gelditu dira, otordu mordoa ematen dutelako". 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide