Iritsi dira San Donato eta San Lorentzo jaiak, eta gaur eguerdi partetik jai giroan murgildu da Aia. Gazte Egunak eman dio hasiera festari eta herriko gazte ugari bildu da plazan, kuadrillen arteko olinpiadetan parte hartu eta jaiari hasiera emateko. Joko xelebreak antolatu dituzte antolatzaileek, eta gozatu ederra hartu dute parte-hartzaileek eta olinpiadak ikusten bildu diren aiarrek.
Kuadrillen arteko olinpiaden ondoren, dema plazara eta pilotalekura joan dira herriko gazteak. Paella lehiaketarako paella ederrak sukaldatzen aritu dira lehenengo, eta jarraian prestatutakoa jateko aukera izan dute lagunartean Gazte Eguneko bazkarian. Arratsaldean eta gauean festak ez du etenik izango: Elektrotxuflak kaleak girotuko ditu arratsaldean eta gauean Skabidean, Kaos Etiliko eta Manitu taldeek kontzertua eskainiko dute plazan, 22:30ean hasita.