Udal eta foru hauteskundeak 2023

Jon Ander Azpirozek eskuratu du dagoeneko Aiako aginte makila

Maria Maya Manterola 2023ko eka. 17a, 11:00

Udalbatza berria eratu dute dagoeneko Aian. Goizean goiz izan da kargu hartze ekitaldia, eta ez da ezustekorik izan: EAJren alkategai Jon Ander Azpirozek eskuratu du aginte makila.

Pleno aretoa herritarrez beteta eta zinegotziek beren eserlekuak hautatu ondoren ekin diote Aian kargu hartzeko ekitaldiari. Igor Iturain idazkariak gidatu du protokolozko ekitaldia, eta udalaren kontuen berri eman ondotik ekin diote alkate berria hautatzeari. 

Ez da ezustekorik izan, eta Jon Ander Azpiroz EAJren alkategaiak jaso ditu boto gehien. Datozen lau urteetan Azpiroz izango da Aiako alkatea, eta berekin batera osatuko dute Udal Gobernua Miriam Sarasolak, Josu Lizasok, Ainara Saizarrek, Garazi Eizmendik eta Lorenz Orbegozok. "Aiako herri maitearen alde" lan egingo dutela hitz eman die Azpirozek herritarrei. 

Oposizioan izango dira, berriz, EH Bilduko lau ordezkari –Aitor Arregi, Irati Eizagirre, Gontzal Aldai eta Iñaki Gurrutxaga– eta Aiako Batzarre Burujabetzako bakarra, Roman Beloso. Arregik aldaketa izan du hizketagai bere hitzartzean, baina baita elkarlana eta udaletik kanpo herritarrekin lan egiteko gogoa ere. Belosok, berriz, gogorarazi nahi izan du "ez direla alderdi politiko bat", eta Arregik aipatu bezala, herritarrekin batera bidea egiteko borondatea erakutsi du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide