Martxan da ofizialki 2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako kanpaina, eta horren baitan alkategaiekin elkarrizketa digitalak antolatu ditu Karkara.eus-ek. Hain justu ere, Aiako ABBren zerrendaburu Roman Berlosori, EH Bilduren alkategaiari Aitor Arregiri eta EAJren zerrendaburuari Jon Ander Azpirozi elkarrizketa on line-a egiteko aukera izango dute aiarrek datorren astean.
Roman Berloso izango da herritarren galderak erantzuten aurrena; ABBren zerrendaburua astelehenean, hilaren 22ean, izango da Karkararen erredakzioan, 15:30etik aurrera. Aitor Arregi, berriz, asteartean izango da Karkararen egoitzan herritarrek bidalitako galderak erantzuten; Arregi 15:00retan hasiko da elkarrizketa digitala egiten. Jon Ander Azpirozek, berriz, asteazkenean egingo du elkarrizketa digitala, 13:00etan.
Dagoeneko hiru zerrendaburuei galderak bidaltzeko aukera dute herritarrek: Berlosori galderak bidaltzeko egin klik lotura honetan; Arregiri galderak bidaltzeko honakoa izango da esteka, eta Azpirozi galderak bidali nahi dizkien herritarrak hemen dute aukera.