Aiako Udalak oharra kaleratu du jakinaraziz itxi egin duela Gaztelekua "hainbat konponketa eta txukunketa lan amaitu bitartean", eta bide batez, salatu du azken hilabeteetan "jokaera onartezinak" ari direla gertatzen Gaztelekuan nahiz aisialdirako diren herriko beste hainbat txokotan.
"Gaztelekuan hainbat material puskatu dute –ping-pongeko mahaia, pufak, aisialdirako materiala –eta Gaztelekuko eraikin barruan pintaketak egin dituzte, frontoiko komunetan argiak puskatu dituzte, paretak zikindu dituzte, eskola inguruan sua egin dute eta beste hainbat ekintza", zehaztu du udalak. "Dirudienez, hainbat unetan erabiltzaileei jakinarazi zaie halako ekintzak ezin direla egin, baina oraingoz, ez dute bukaerarik".
Udalak gogorarazi du "denen ardura" dela "aisialdiko azpiegiturak zaintzea eta babestea", eta espero du jokabide horiek ez direla errepikatuko.